Finantza-erregimenari buruzko informazioa
  • Finantza-erregimenari eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko ondorio fiskalei buruzko informazioa, funtzionario minusbaliatua eta Estatuko Administrazio Orokorreko pentsioen planeko partaidea denean.


    Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen Pentsioen Planak eta Funtsak Erregulatzeko Legearen testu bategina, eta Dekretu horretako laugarren xedapen gehigarrian esaten da pentsioen planetara egin ahal izango direla ekarpenak ehuneko 65eko edo hortik gorako minusbaliotasun-maila duten pertsonen alde; hain zuzen ere, ekarpen horiek ondorengoek egin ahal izango dituzte: partaidea den minusbaliatuak berak, harekin zuzeneko harremana edo hirugarren mailara bitarteko (maila hori barne) zehar-ahaideak edota ezkontideak edo zaintza edo harreran haien kargu duten pertsonak.

    Era berean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legeren testu bategina martxoaren 5eko 3/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, Dekretu horretako hamargarren xedapen gehigarriaren arabera, ehuneko 65eko edo hortik gorako minusbaliotasun-maila duten pertsonen aldeko ekarpenak egiten direnean pentsioen planetara, pentsioen planetako finantza-erregimena aplikatzeko aukera dute, eta, gehienez ondorengo zenbatekoak aplikatuko lirateke:

    a) Partaideak diren pertsona minusbaliatuek urtean gehienez 24.250 euroko ekarpenak egin ahal izango dituzte.
    b) Ahaidetasun-harremanaren bidez lotutako partaideek pertsona minusbaliatuaren alde urtean gehienez 10.000 euroko ekarpena egin ahal izango dute. Hori kontuan izan gabe haren pentsio-planak berak egin ditzakeen ekarpenak, Pentsioen Planak eta Funtsak Erregulatzeko Legearen testu bategineko 5.3 artikuluan aurreikusitako mugaren arabera (10.000 euro; dena den, 50 urtetik gorako partaideen kasuan, zenbatekoa 12.500 eurokoa izango da).
    c) Minusbaliotasuna duen pertsonaren alde pentsioen planetara urtean gehienez 24.250 euroko ekarpenak egin ahal izango dira, pertsona minusbaliatuarenak barne.

    Ondorioz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Zerga Oinarrian murriztu ahal izango da gehienez dagokion mugaren arabera, gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako ekarpen eta kontribuzioen izenean, kontuan izanik lanaren, egoera pertsonalaren eta familiaren egoeraren arloan aitorpenean agertzen dena.